Berriak
Atzealdea Intxurreko futbolarien bi partida jokatuko dira larunbatean Elorri zelaian
2023·12·20
2023ari agur esateko unea iritsi zaie Intxurreko futbolariei. Bi taldek iragan asteburuan jokatu zuten urteko azken partida eta gainontzekoek datorrenean amaituko dituzte aurtengoari dagozkionak. Kadeteek 1 eta 4 galdu zuten Elgoibarren aurka eta larunbatean 10:00etan Aizkorriren aurka jokatuko dute Elorrin, urtea aho zapore onarekin amaitzea ahalbidetuko dien garaipen bat lortzeko asmoarekin. Infantil mutilek 4 eta 1 irabazi zioten Elgoibarri txapeldunen fasean. Lidertzan dira eta egun berean 12:00etan Urkiren bisita izango dute.
Maila bereko neskek 3 eta 2 irabazi zuten Goierri Gorriren aurka kopan eta larunbatean 11:00etan Arizmendiren zelaian jokatuz agurtuko dute urtea. Gorengo mailako jubenilek hutsean berdindu zuten Idiazabalen. Lidertzan dira eta Aretxabaletan jokatuko dute larunbatean 16.30ean.
Azkenik, erregionalek eta lehen mailako jubenilek agurtu dute urtea. Erregionalek 2 eta 5 galdu zuten Texasen aurka eta bosgarren postura jaitsi dira. Jubenilek 6 eta 1 irabazi zioten Euskaldunari eta lidertzan amaitu dute 2023a.