Berriak

Atzealdea Intxurreko futbolarien bi partida jokatuko dira larunbatean Elorri zelaian

Kopa jokatzen hasiko diren erregionalak eta infantil mutilak izango dira partida horietako protagonistak

2023·01·25


Intxurreko futbolarien bi partida jokatuko dira larunbatean Elorri zelaian. Erregional mutilak kopa jokatzen hasiko dira eta lehen partida etxean jokatuko dute larunbatean 15:30ean Texas Lasartearraren aurka. Etxean ariko den beste taldea infantil mutilena izango da. Larunbatean 11:30ean Aizkorri Goierriren aurkakoa izango dute. Iragan astean 0 eta 14 irabazi zuten Ostadarren zelaian eta bigarren postuan iritsiko dira liderraren aurkako partidara.

Bestelakoan, jubenil mutilak igoera fasea jokatzen hasiko dira Arrupe Chaminaderen zelaian larunbatean 15:50ean. Ohorezko mailako kadete mutilek Eibarren jokatuko dute igandean 15:30ean. Oriokoren aurka bigarren itzuliko lehen partida jokatu zuten iragan astean eta hutsean berdindu zuten. Azkenik, infantil neskek Andoainen jokatuko dute larunbatean 11:00etan Euskaldunaren aurka. Azken partidan 1 eta 7 galdu zuten Tolosaren aurka eta aho zapore txarra kentzen saiatuko dira.