Berriak

Atzealdea Intxurreko futbolarien bi partida jokatuko dira larunbatean Elorri zelaian

Ohorezko mailako jubenilen eta gorengo mailako kadeteen gizonezko taldeak ariko dira etxean

2024·10·16


Larunbatean Intxurreko futbolarien bi partida jokatuko dira Elorri zelaian. Gorengo mailako kadeteek Aloña Mendiren aurka jokatuko dute 11:00etan. Aurreko astean Urnietan 0 eta 4 irabazita sailkapeneko goiko postuetara hurbiltzen jarraitu nahiko dute. Ohorezko mailako jubenilek berriz, Lagun Onak izango dute aurkari 16:00etatik aurrera. Elgoibarren 4 eta 1 galduta, garaipenaren bidera itzuli nahiko dute.

Etxetik kanpo ariko direnen inguruan, erregional mutilek Bergaran jokatuko dute igandean 18:00etan. Urolaren aurka 3 eta 1 irabazi zuten aurreko asteburuan eta lidertzan dira. Kadete mailako neskek Aiztondoren zelaian jokatuko dute igandean 15:30ean. Tolosaren aurka 0 eta 5 galduta, denboraldiko lehen puntuak batzea izango dute helburu. Infantiletan, mutilen taldeetako batek 8 eta 3 irabazi zion Kostkasi, Hirugarrenak dira eta igandean 9:30ean Usurbilen jokatuko dute. Beste taldeak 6 eta 4 galdu zuen Idiazabalen eta atsedena izango dute. Azkenik, maila bereko neskek Euskalduna Andoaindarraren zelaian jokatuko dute igandean 10:00etan. Aurreko astean 2 eta 3 galdu zuten Goierri Gorriren kontra.