Berriak

Atzealdea Intxurreko futbolarien lau partida jokatuko dira asteburuan Elorri zelaian

Aralar Intxurreko mutilen bi taldeek denboraldiko azken partidak jokatuko dituzte

2019·04·30


Asteburuan Intxurreko futbol taldeen lau partida jokatuko dira Elorri zelaian. Horietatik bi Aralar Intxurreko mutilen taldeenak izango dira. Txapeldunen faseko azken neurketak izango dira eta partida horiekin agurtuko dute denboraldia bi taldeek. A taldeak Ilintxaren aurka jokatuko du 11:15ean eta B taldeak Aizkorri Goierriren kontrakoa izango du 9:30ean.

Gorengoen mailako neskek kopako lehen faseko azken jardunaldiko partida jokatuko dute larunbatean 15:30ean Bergararen aurka. Bigarrenak dira eta garaipena lortuta goiko postuetan amaitu nahiko dute. Etxean ariko den laugarren taldea jubenil mutilena izango da. Igoera faseko partida izango dute Sanpedrotarraren aurka larunbatean 18:00etan. Alegiarrak seigarrenak dira eta goruntz egin nahiko dute neurketa irabazita.

Erregional mutilek Andoainen jokatuko dute kopako partida Euskaldunaren aurka ostiralean 20:00etan. Lidertzan dira andoaindarrak eta lantegi zaila izango dute alegiarrek. Infantil neskek ere Andoainen jokatuko dute asteazkenean 11:00etan. Bigarren postuan daude eta bosgarren dagoen Euskaldunaren aurkakoa izango dute. Kadete mutilek Lasarten jokatuko dute Ostadarren aurka larunbatean 16:00etan. Kopako lehen faseko azken partida izango da eta goiko postuetan amaitu nahiko dute. Azkenik, alebinek Idiazabalen aurka jokatuko dute igandean 10:45ean Billabonan.