Berriak

Atzealdea Intxurreko futbolarien partida bakarra jokatuko da asteburuan Elorri zelaian

Ohorezko mailako kadete mutilak Zarautzen aurka ariko dira larunbatean 11:00etan

2023·11·08


Intxurreko futbolarien partida bakarra jokatuko da larunbatean Elorri zelaian. Ohorezko mailako kadete mutilek Zarautzen aurkako liga partida izango dute. Alegiarrek garaipen garrantzitsua lortu zuten asteburuan 0 eta 1 Lagun Onaken aurka eta beheko postuetatik gora egiten jarraitzeko beste hiru puntu batu nahiko dituzte 11:00etan, hamargarren dagoen taldearen aurka.

Erregional mutilek Lazkao liderraren zelaian jokatuko dute larunbatean 16:00etan. Alegiarrek 0 eta 4 irabazi zioten Usurbili eta sailkapeneko laugarrenak dira. Gorengo mailako jubenil mutilek multzoko lidertza eskuratu zuten larunbatean Ilintxari 2 eta 1 irabazita. Igandean 15:30ean hamargarren dagoen Burumendiren zelaian ariko dira. Lehen mailako gizonezko jubenilek ere garaipena lortu zuten. 0 eta 7 nagusitu ziren Urnietan eta hauek ere lidertzan dira. Asteburuan atsedena izango dute.

Azkenik, infantil mailako bi taldeek ere irabazi egin zuten. Neskek 6 eta 4 irabazi zioten Bergarari eta hirugarrenak dira, larunbatean 9:30ean Mondragonen jokatu aurretik. Mutilek 5 eta 1 irabazi zioten Beasaini. Bigarrenak dira eta egun berean 10:00etan Idiazabalen ariko dira.