Berriak
Atzealdea Intxurreko gorengoen eta infantil mailako taldeen partidak jokatuko dira Elorri futbol zelaian asteburuan
2016·02·05
Jardunaldi berri baterako prestatzen ari dira Intxurreko futbol taldeak. Asteburuan gorengoen eta Aralar Intxurreko infantilen taldeak izango dira etxean jokatuko dutenak. Gorengoen mailakoek hamabigarren postuan dagoen Beasainen aurka jokatuko dute larunbatean 15:30ean. Aurreko jardunaldian 5 eta 1 galdu zuten Tolosan eta denboraldiko lehen garaipena lortzen saiatuko da Santos Irazustabarrenaren taldea. Hain zuzen ere, iragan asteburuan lortu zuten Aralar Intxurreko infantilek lehen garaipen hori. Danenaren zelaian 2 eta 4 irabazi zuten eta seigarrenak dira hiru punturekin. Hauek ere, Beasain izango dute aurkari larunbatean 10:00etan.
Kadete mutilek ere garaipena lortu zuten. 4 eta 1 menperatu zuten Aizkorri eta hiru puntu horiek gehituta, laugarren postuan jarri dira hamabi punturekin. Larunbatean 11:30ean sailkapeneko bigarrena den Urola izango dute aurkari etxetik kanpo. Maila bereko neskek 5 eta 1 galdu zuten Urnietan, sailkapeneko bigarren taldearen aurka. Alegiarrak hirugarrenak dira eta asteburuan atsedena izango dute. Azkenik, jubenilek 1 eta 2 galdu zuten Lazkaoren aurka. Bosgarren postuan daude eta zazpigarrena den Ordiziari egingo diote bisita larunbatean 13:15ean.