Berriak

Intxurreko gorengoen eta kadete mutilen partidak ikusi ahal izango dira asteburuan Elorri futbol zelaian

Azken jardunaldian Intxurreko taldeek bi garaipen lortu zituzten jokaturiko bost partidetan

2016·10·25


Intxurreko futbol taldeek jardunaldi berri bateko partidak jokatu zituzten iragan asteburuan. Guztira bost izan ziren lehiatu ziren Intxurreko taldeak eta horietatik bik lortu zuten garaipena. Kadete mailako neskek 6 eta 0 irabazi zuten Danenaren kontra. Denboraldiko bigarren garaipena lortu dute eta sailkapeneko laugarrenak dira zazpi punturekin. Asteburuko neurketa Hernaniren zelaian jokatuko dute larunbatean 9:00etan. Hernaniarrak bosgarren daude hiru punturekin. Garaipena lortu zuen beste taldea jubenilen lehen mailakoa izan zen. Kasu horretan ere Danena izan zuten aurkari eta 4 eta 0 irabazi zuten. Bederatzi puntu dituzte eta puntu kopuru berarekin dagoen Idiazabali egingo diote bisita, larunnatean 18:00etan.

Kadete mailara itzuliz, mutilek bina berdindu zuten Ordizian. Bosgarren postuan daude zortzi punturekin eta beraien aurretik dagoen Beasainen aurka jokatuko dute larunbatean 11:00etan etxean. Porrotei dagokienean, gorengo mailakoek 4 eta 0 galdu zuten Aretxabaletan. Sailkapeneko goiko postuetan dira atxabaltarrak eta alegiarrek ezer gutxi egin ahal izan zuten. Hamaseigarrenak dira lau punturekin eta laugarren dagoen Zumaiakoren bisita izango dute larunbatean 16:00etan. Bestetik, Aralar Intxurreko infantilek 0 eta 2 galdu zuten Aizkorri Goierriren aurka. Hiru puntu dituzte eta laugarren postuan daude, larunbatean 12:00etan puntu kopuru berarekin dagoen Ordiziaren zelaian jokatu aurretik.