Berriak
2017·01·25
Intxurreko futbol taldeak asteburuan izango dituzten partidak prestatzen ari dira. Iragan asteburuan lorturiko emaitza onak errepikatzea eta ahal dela hobetzea izango da futbolarien helburua. Izan ere, iragan asteburuan lau garaipen lortu zituzten. Jubenilek lortu zuten garaipenik esanguratsuena, Billabona 0 eta 6 irabazita. Sailkapeneko lehen postuan dira kopan jokaturiko bi partidak irabazita eta asteburuan atsedenena izango dute. Gorengoen mailako taldeak ere irabazi egin zuen. 3 eta 1 menperatu zuten Zestoa eta hamar puntu dituzte orain. Beraiek baino lau puntu gehiago dituen Getariako Ketaren aurka jokatuko dute igandean 17:00etan Orion.
Kadete neskek txapeldunen faseko lehen neurketa jokatu zuten eta 3 eta 1 irabazi zuten Aloña Mendiren aurka. Sasoiko ekin diote fase berriari eta bolada onari jarraipena ematen ahaleginduko dira larunbatean 11:00etan Allerruren zelaian. Mutilek etxean jokatuko dute. Danena izango dute bisitari larunbatean 10:00etan eta kopako lehen partida irabazten ahaleginduko dira iragan jardunaldian Euskaldunaren aurka 3 eta 1 galdu ostean.
Azkenik, Aralar Intxurreko infantilek bosgarren garaipena nahi dute kopan. Orain arteko lau partidak irabazi egin dituzte, azkena Ordizian iragan asteburuan 0 eta 5, eta larunbatean 12:00etan Beasainen aurka beste bat lortzen ahaleginduko dira.