Berriak
Atzealdea Intxurreko lehen mailako nagusiek Gipuzkoako txapelketako finala jokatuko dute Ilunperen aurka igandean Zumarragan
2017·11·08
Nagusien lehen mailako Intxurreko bikoteak Gipuzkoako txapelketako finala jokatuko du igandean 11:00etatik aurrera Ilunperen aurka Zumarragan. Iragan ostiralean jokatutako finalerdian 22 eta 10 irabazi zuten Xabier Zubiriak eta Aratz Irazustabarrenak Hernaniren aurka eta finalerako sailkatzeaz gain, Ohorezko Mailarako igoera ere lortu dute. Intxurrek lehen aldiz izango du maila horretan ordezkaritza. Aipatu, Zubiria eta Irazustabarrenarekin batera, Asier Artolak ere jokatu dituela ligaxkako partidak.
Txanponaren beste aldean kadeteen lehen mailako bikotea aurkitzen da. Hauek 22 eta 9 galdu zuten Ilunperen aurkako finalerdia eta Gipuzkoako txapelketatik kanpo geratu dira. Kadeteen bigarren mailako eta nagusien hirugarren mailako bikoteek ligaxkak jokatzen jarraituko dute asteburuan.
Ostiralean sei partida jokatuko dira Elorri pilotalekuan 18:30ean hasita. Alebin mailakoak izango dira hiru eta infantilenak beste hiru. Alebinetan, Lazkaoko bi bikote eta Txapagain taldeko bat izango dira Intxurrekoen aurkariak eta infantiletan, Ormaiztegi, Zazpi Iturri eta Lazkaoko bikote bana izango dute aurrean etxekoek.