Berriak

Intxurreko pilotariak Gipuzkoako txapeldun gomazko paletan jubenilen bigarren mailan eta eskuz kadeteen hirugarren mailan

Gomazko paletako lehen mailan amore eman behar izan zuen Intxurrek Su Berriren aurka

2016·12·19


Intxurreko pilotariek bi mailetan Gipuzkoako txapelketa irabazi dute asteburuan. Eskuz kadeteak eta gomazko paletan neska jubenilen bi bikote zituen Intxurrek finaletan. Gomazko paletan bi bikote zituen Intxurrek finaletan. Bigarren mailan, Aramendik eta Esnaolak 30 eta 26 irabazi zuten Bergarako Murua-Almortza bikotearen aurka. Partida gogorra izan zen eta Intxurrekoak 26 eta 19 aurreratu zirenean garaipena gertu ikusi arren, gogotik lanean jarraitu behar izan zuten aurkariek estutu eta markagailua 29 eta 26 jarri zutelako. Dena den, azken tanto hori egitea lortu zuten Intxurrekoek, txapelketa irabaziz. Lehen mailan, Olanok eta Agirrek 30 eta 19 galdu zuten Su Berrikoen aurka. Partida gogorra izan zen nahiz eta tantorik gehienak Su Berrikoen aldera erori. Eskuz binaka, kadeteen hirugarren mailan Artolak eta Zubeldiak ere Gipuzkoako txapelketa irabazi dute. Finalean 22 eta 7 irabazi zuten Tolosako bikotearen aurka. Horrenbestean, Intxurrek hiru finaletatik bi irabaztea lortu du. Dena den, ostiral honetan beste bi final jokatuko dituzte Intxurrekoek. Eskuz banaka, alebinetan, Intxurreko Rojas eta Zabala neurtuko dira Aretxabaletan eta infantiletan, Irazustabarrenak Oiarpeko ordezkariaren aurka jokatuko du Ekialdeko txapelketako finala, Zestoan.

Bestelakoan, trinketeko Gipuzkoako txapelketan eskuz banaka jubeniletan Intxurreko Jauregik Azkoitiaren aurka jokatuko du final laurdenetan eta eskuz banaka pilotaleku luzean, Irazustabarrenak 22 eta 12 galdu zuen Urretabizkaiaren aurkako lehia final laurdenetan.

Argazkia: ataria.eus