Berriak
Atzealdea Intxurreko pilotarien lau partida jokatuko dira ostiralean 18:30ean Elorri pilotalekuan
2016·11·21
Partida garrantzitsuak dituzte asteburuan Intxurreko hainbat pilotarik. Ostiralean Ordizian Gipuzkoako txapelketako finalerdietako joanekoa jokatuko du Intxurreko kadeteen hirugarren mailako bikoteak. Bestetik, gomazko paletan aritzen diren neskentzat ere jardunaldi erabakiorra izango da. Izan ere, ligaxkako azken jardunaldia jokatuko da lehen eta bigarren mailan eta Intxurreko hainbat bikote dira aurrera egiteko aukerekin. Lehen mailan Olanok eta Agirrek irabazi egin zuten Ziotzaren aurka eta Bachek eta Ontsalok galdu egin zuten Anoetan. Lidertza eta hirugarren postuan dira azken partiden atarian. Bigarren mailan berriz, bi garaipen eta porrot bateko uzta bildu zen. Intxurreko bi bikote sailkapeneko lehen bi postuetan dira eta hirugarrena seigarren dago.
Gauzak horrela, paletako hiru partida eta eskuz binakako bat jokatuko dira ostiralean Elorri pilotalekuan 18:30ean hasita. Lehena eskuzkoa izango da eta Intxurre eta Lazkao neurtuko dira alebinetan. Ondorengo biak paletako jubenilen bigarren mailakoak izango dira eta Mundarro eta Bergara izango dira Intxurrekoen aurkariak. Azkenik, lehen mailan, Intxurre eta Su Berri neurtuko dira.
Iñaki Artola jokatzeko prest
Eskuin ukondoan zuen kaltzifikazio batek sortzen zizkion arazoak konpontzeko irailaren 12an egindako ebakuntzatik bi hilabete eta erdira, Iñaki Artola berriz ere jokatzeko moduan da. Igandean Gasteizen jokatuko du Mikel Beroizekin batera Elezkanoren eta Merinoren aurka eta behin osatuta, lehiaketako erritmoa hartzea egokituko zaio orain alegiarrari.