Berriak

Atzealdea Intxurreko taldeen hiru partida jokatuko dira Elorri futbol zelaian asteburuan

Erregional eta kadete mailako gizonezkoak eta emakumezko jubenilak izango dira etxean ariko direnak

2017·10·18


Beste asteburu batez herriko futbol taldeen partidez gozatzeko aukera izango dute Alegiako futbol zaleek. Guztira hiru izango dira Elorri zelaian jokatuko diren neurketak. Bi gizonezkoen erregional eta kadete mailetakoak izango dira eta beste emakumeen jubenil mailakoa. Axular taldea izango dute aurkari azken horiek igandean 11:00etan. Aurreko jardunaldian 4 eta 0 galdu zuten Goierri Gorriren zelaian eta laugarren daude sei punturekin. Aurkaria zazpigarren postuan dago hiru punturekin. Erregionalei dagokienean, bigarren garaipena jarraian lortzen saiatuko dira. Euskaldunaren aurka 2 eta 3 irabazi zuten aurreko jardunaldian eta bosgarrenak dira zazpi punturekin. Larunbatean 16:00etan Lazkao liderraren bisita jasoko dute. Azkenik, kadete mailako mutilek Aizkorri Goierri taldearen aurkako lehia izango dute larunbatean 11:00etan. Goierritarrak alegiarrak baino hiru puntu gehiagorekin daude. Intxurrek 1 eta 2 irabazi zuen azken partida Tolosan.

Gizonezko jubenilek 10 eta 4 irabazi zuten Ordiziaren aurka. Sailkapeneko hirugarrenak dira eta azken postuan punturik gabe dagoen Lazkaoren zelaian jokatuko dute larunbatean 18:00etan. Infantilei dagokienean, Aralar Intxurreko hiru taldeek etxetik kanpo jokatuko dute. Neskek denboraldiko lehen partida jokatuko dute larunbatean 9:15ean Euskaldunaren zelaian. Mutilen bi taldeek Lasarten jokatuko dute, bi kasuetan Ostadarren aurka. Aralar Intxurre A taldeak 8 eta 0 irabazi zion Beasaini lehen partidan eta Ostadar Aren aurka jokatuko dute igandean 11:30ean. B taldeko mutilek aldiz 2 eta 5 galdu zuten Urnietaren aurka iragan asteburuan eta Ostadar C taldeari egingo diete bisita larunbatean 13:30ean.