Berriak
2017·03·29
Aurreko asteburuko emaitza txarrak ahaztu eta garaipenaren bidera itzuli nahi dute Intxurreko futbolariek. Futbol menu oparoa izango du zaleak asteburuan Alegian. Lau partida jokatuko dira Elorri zelaian eta horietako bat jubenilena izango da. Aurreko astean atsedena izan zuten eta sailkapeneko lehen postuan dirauten arren, bederatzigarren garaipena lortu nahiko dute Danena bigarren sailkatuaren aurka igandean 15:30ean. Atsedenaren ostean lehiara itzuliko den beste taldea infantil mailakoa da. Kopako sailkapeneko hirugarrenak dira eta igandean 10:00etan zortzigarren dagoen Ordiziaren bisita izango dute. Aukera ona sailkapenean gora egin eta puntuak pilatzen jarraitzeko.
Kadete neskek igoera faseko lehia izango dute larunbatean 11:00etan etxean Allerruren aurka. Asteburuan 3 eta 1 galdu zuten Oñatin eta sailkapeneko zortzigarrenak dira hiru punturekin. Maila bereko mutilek Tolosaren aurka jokatuko dute etxean igandean 11:45ean. Aurreko partidan 3 eta 0 galdu zuten Danenaren zelaian. Azkenik, gorengoen mailako taldea izango da etxetik kanpo ariko den bakarra. Beasainen jokatuko dute larunbatean 15:45ean, iragan astean Tolosaren aurka 3 eta 5 galdu ostean.