Berriak

Irailaren 13tik 15era ospatuko dira Kalebeherako festak

Ostiraletik igandera adin guztietako herritarrei zuzendutako ekintzak izango dira parkean

2019·09·11


Iritsi da Kalebeherako jaien asteburua. Urtero bezala, uda amaiera eta udazkenaren iritsieraren mugarri izaten diren jai horiek ospatuko dira irailaren 13tik 15era, ostiraletik igandera bitartean Kalebeherako parkean. Ostiralean 19:00etan txupinazoarekin hasiko dira jaiak eskolatik Kalebeherarainoko kalejira egingo da Errotako Zezenarekin, Debako Erraldoiarekin eta Alegiako Buruarinekin. 20:00etan patata tortila lehiaketa egingo da eta zahagiardorekin emango zaio amaiera lehen egunari.

Krosa eta pala txapelketa. Horiek izango dira larunbateko zatirik handieneko ardatzak. Goiz partean haurren zein helduen krosa jokatuko da parketik abiatuta eta arratsaldean pala txapelketako kanporaketak jokatuko dira, finalak erabakita geratu arte. Ordu berean ume jolasak izango dira, txokolatea banatuko da eta zinta karrera jokatuko da. Gau partean, zahagiardoaren ostean bertso saioa izango da.

Igande eguerdiko sagardo dastaketa izango da jaien azken eguneko lehen ekitaldia. Sagardoari laguntzeko sardina erreren bat jateko “zortea” dutenek agian ez dute bazkari behar handirik izango baina betiko moduan, parkean bazkaltzeko aukera izango da. Arratsaldean, haurren pilota txapelketako eta helduen pala txapelketako finalekin amaituko dira jaiak.