Berriak
Atzealdea Irailaren 19an hasiko da Txintxarriak Martxanen denboraldi berria
2024·09·12

Bueltan da Txintxarriak Martxan ekimena. Udako etenaldiaren ostean, irailaren 19an hasiko da 2024-2025 denboraldia. Adinekoei zuzenduriko ibilaldiak egiten dira ostegunero 11:00etan plazatik abiatuta eta egitasmo honen helburuak, pertsona horiek ariketa fisikoa egitera bultzatzea eta beraien arteko harremanak sustatzea dira.
Alegiako Udalak eta osasun etxeak antolatzen dute Txintxarriak Martxan baina laguntzaile ugari dituzte inguruan. Alde batetik, ibilaldietan gurpildun aulkietako pertsonei eta bestelako lanetan laguntzen duten Nagusilan, eliza, jubilatuen elkartea eta aurten esku bat botatzera animatu diren Aralar institutuko ikasleak. Horiekin batera, ezin ahaztu ibilaldien osteko hamaiketakoa prestatuz laguntzera animatu diren Jubilatuak, Iskiña, Hilario Berri, Eizmendi eta Txintxarri tabernak. Izan ere, aurten ostegunero izango dute hamaiketakoa parte hartzaileek ibilaldiak amaitu ostean.
Parte hartzea sustatzeko asmoz, izena emateko epeak zabalik jarraituko du irailaren 18ra bitartean. Behin epe hori igarota, izena eman gabe dagoen norbaitek parte hartu nahi izango balu, ostegunetan irteeren aurretik 10:30ean udaletxeko arkupetara joan eta bertan eman ahal izango du izena.
Alegiako Udalak eskerrak eman nahi dizkie modu batera edo bestera Txintxarriak Martxan ekimenean laguntzen duten norbanako zein eragileei.