Berriak

Atzealdea Irailaren 20an ekingo dio denboraldiari Elorri Aldapa-ZTB Garbiketak taldeak

Lehen mailan ariko dira aurten ere eta Saski Axularren aurka jokatuko dute larunbatean 16:15ean Elorrin

2025·09·09


Aurten ere saskibaloiaz gozatzeko aukera izango da Alegian. Elorri Aldapa-ZTB Garbiketak taldeak asteburuan ekingo dio 2025-2026 denboraldiari eta hainbat berrikuntzekin datoz sasoi berriari begira. Horietako lehena izenarena. ZTB Garbiketak izango da taldearen babesle nagusia eta hemendik aurrera izendapen berria izango du. 

Horrez gain, talde gazteago bat izango dute aurtengoan. Jokalari berri gazteak iritsi dira eta gaztetasun hori datuetan jartze aldera, 18 urteko lau jokalari izango ditu taldeak lehen mailan ariko diren bigarren denboraldian. Talde teknikoan ere berrikuntzak izango dira aurredenboraldiko aste hauetan berritasun horiek guztiak fintzen aritu da taldea.

Elorri Aldapa-ZTB Garbiketaken helburuak argiak dira aurtengo denboraldiari begira. Eta nagusienak bi dira. Gozatzea eta gozaraztea. Azken urteetan talde lanaren balio horretan jarri du azpimarra taldeak eta talde lan eta talde giro horiek izan dira azkenerako, kirol mailan eskuratu diren lorpen ezberdinak lortzeko gakoak. Urtez urte taldea egonkortzen joan dira eta oinarri sendo baten gainean lan egitea lortu dute.

Gozaraztearen inguruan berriz, herrian saskibaloiak bere lekua izatea lortu da. Elorri Aldaparen partidak ikustera zale ugari joaten da Elorri pilotalekura eta hori taldeak eman duenaren bidetik etorri bada ere, taldeari ere asko ematen dio zaleen babesak eta hori mantentzea ere izango da denboraldi berriko helburuetako bat.

Etxeko lanak eginda, lehiari ekiteko unea heldu da. Lehen fasea jokatzen hasiko dira alegiarrak larunbatean 16:15ean Elorrin Saski Axularren aurka. 8 taldeko multzo batean ariko dira eta 14 jardunaldi izango dituzte lehen fase honetan. Urtarrilaren 24an amaituko da.