Berriak
Atzealdea Irailaren 4an ‘Bertso zaharrak kantatuz’ emanaldia izango da Txintxarri plazan
2026·08·27

Irailaren 4an, ostirala, ‘Bertso zaharrak kantatuz’ emanaldia eskainiko da Txintxarri plazan 22:00etatik aurrera. Antton Iztuetak prestatu duen saioa da. Bertso sorta ugari ditu bideoan prestatuta Iztuetak eta horiek ikusiz eta entzunez kantuan aritzea da egitasmoaren funtsa.
Bilintxenak, Pedro Mari Otañorenak, Xabier Amurizarenak, Txirritarenak… sorta luzea da eta bideoan bertan Agirre anaiek, Xabier Letek, Erramun Martikorenak… kantatuko dituzte. Eta horiekin batera inguratzen diren bertsozale eta kantuzale guztiek.
Alegiako bertsozale taldeak, Harituz Elkartearekin batera antolatzen du ekitaldia eta Kalebeherako festetako atari izango da. Han beste bertso musikatu bat baitaukate aurreikusita.
Ekitaldi parte-hartzaile eta herrikoia osatu nahi dute guztien artean. Proiekzioan musika eta irudia izango dute eta inguratutakoak bertso zaharrak kantatzeko aukera izango dute.
Lan ikaragarria da Antton Iztuetak (anbune kanala) osatutakoa. Handik eta hemendik jasotako bertso kantatuak irudiz bete eta letrak jarri dizkie jendearen gozagarri. Alegian izango du estreinaldia eta ondoren hala nahi duten talde guztiei eskainiko die. Berarekin harremanetan jartzea besterik ez dago horretarako.