Berriak

Atzealdea Irakurle taldeak ‘Landa aldeko neskak’ eleberria landuko du urriaren 20an 18:00etatik aurrera liburutegian

60. hamarkadan Edna O’Brien irlandarrak idatzitako liburua Gema Lopez Las Herasek itzuli du euskarara

2022·10·18


Alegiako Irakurle Taldeak 2022ko hirugarren saioa egingo du urriaren 20an, osteguna. 18:00etatik aurrera, Edna O’Brienen ‘Landa aldeko neskak’ liburua aztertuko dute liburutegian Amaia Goikoetxeak gidatuko duen saioan. O’Brienek 60. hamarkadan idatzi eta argitaratu zuen liburua Irlandan baina debekatu egin zuten, eliza katolikoarekiko oso jarrera kritikoa zuelako. Gema Lopez Las Herasek itzuli du euskarara eta Erein-Igela argitaletxeak kaleratu du 2022an.

Nobela honek XX. mendearen erdialdeko landa-giroan jaiotako bi neskatilaren abenturak kontatzen ditu, haietako baten ahotik eta ikuspegitik, modu xume eta errealista batean. Caithleen eta Baba dira protagonistak, umetako lagun bi, ezin diferenteagoak biak. Caithleen baserrian bizi da, etxeko diru-sarrera apurrak jokoan eta edanean xahutzen dituen aita alkoholikoarekin, eta etxea ahal duen moduan gobernatzen ahalegintzen den ama nahigabetuarekin. Baba, bestalde, herriko albaitariaren alaba da, neskato harroputz eta berekoia, etengabe Caithleen mespretxatzen dabilena. Batzuetan etsai, besteetan lagun min, biek ala biek desio bat dute: sorterritik hanka egitea, gizarteak ezarria dien patuari uko egin eta beraiek erabakitako moduan bizitzeko.

Betiko moduan, irakurle taldearen ateak herritar guztientzat zabalik daudela gogorarazi nahi da. Ez dago liburua irakurrita izan beharrik saioetan parte hartzeko. Bertaratze hutsarekin nahikoa da. Bide batez, saioak irauten duen bitartean liburutegia itxita egongo da.