Berriak

Atzealdea Irakurle taldeak Nerea Ibarzabalen ‘Bar Gloria’ aztertuko du martxoaren 23an

Saioa 18:00etan hasiko da liburutegian eta herritarrei taldera batzeko deialdia egiten zaie

2023·03·10


 

Alegiako irakurle taldea martxoaren 23an egingo du urteko lehen saioa. Nerea Ibarzabal Salegiren ‘Bar Gloria’ eleberria izango dute aztergai 18:00etan liburutegian hasiko den saioan. Egunaren zurrunbiloa noiz apalduko daude Ana, Rakel eta Migel, patxaran gozotan hirurei eusten dien sarea ehuntzen segitzeko. Idi buru bat dute zelatan —gorputz gaixo baten itzala ilunpean—, eta distantzia gutxira dute Paradise, desira ukatuen dantzaleku, gela erreserbatu eta moketazko hormekin; eta baita hiria ere, lagunarte berri, arrotz denaren aire urduri eta modernitatearen lokalizazioekin.

Mundu bat kabitzen da Gloria tabernako azuleju gorri eta gainazal koipetsuen artean, eta denboraren ate ezberdinetatik sartuko da irakurlea bertara kontakizun honetan. Jendea da haren zimendu, eta konplizitate uneek, isildutako bortxa-markek, lanordu konpartituek zein elkarrizketa tarteka mutuek epeldu bezala erreko dituzte habe horiek, beste batzuk eraikitzeko, akaso. Iragan hurbil baten hitzezko filmatze bat dakar Nerea Ibarzabal Salegiren estreinako nobelak.

Amaia Goikoetxeak dinamizaturiko saioa izango da eta ohi bezala, herritarrei irakurle taldeko saioetara hurbiltzeko gonbitea egiten zaie. Gogoan izan, ez dagoela zertan liburuak irakurrita joan beharrik. Saioak irauten duen bitartean liburutegia itxita egongo da.