Berriak
Atzealdea Irribarriaren eta Zabaletaren aurkako partida garrantzitsua jokatuko dute larunbatean Iruñean Artolak eta Mariezkurrenak
2019·01·30
Iñaki Artola eta Jon Mariezkurrenak partida garrantzitsua izango dute larunbatean Iruñeko Labrit pilotalekuan. Binakako txapelketako hamaikagarren jardunaldiari dagokion lehia izango da eta sailkapenean beraiekin berdinduta dauden Irribarria eta Zabaletaren aurka ariko dira. Sei puntu dituzte Artolak eta Mariezkurrenak eta laugarren postuan daude, bosgarrenarekiko bi puntuko aldearekin. Lau jardunaldi geratzen dira eta larunbatean irabazten duenak pauso dezentea emango du finalerdietan izateko bide horretan. Aldiz, galtzen duenarentzat, beti ere asteburuan ematen diren beste emaitzen arabera, gauzak estutu egingo zaizkio azken hiru jardunaldiei begira.
Intxurrekoak ostiralean Elorrin
Udaberri txapelketako laugarren jardunaldiaren baitan, ostiralean hiru partidaz osaturiko jaialdi bat jokatuko da Elorri pilotalekuan 18:30ean hasita. Lehen neurketa infantil mailakoa izango da eta eskuz binaka, gizonezkoetan, Intxurre eta Intza neurtuko dira. Bigarrena eta hirugarrena Udaberri txapelketakoak izango dira. Eskuz binaka gizonezkoetan, jubeniletan, Intxurre eta Zestoa neurtuko dira eta gomazko paletan, emakumezkoen jubenil mailan, Hernani izango da Intxurreren aurkaria.
Kluben arteko Euskal Herriko txapelketan, eskuz binakako ohorezko mailako gizonezkoen bikoteak LAZPKEren aurka jokatuko du igandean 11:00etan Lazkaon.