Berriak
2021·03·25
Iturri Zahar guraso elkarteak bere logotipoa eraberritu nahi du eta horretarako lehiaketa bat abiaraziko dute. 12 urtetik gorako edonork hartu dezake parte eta pertsona bakoitzak lan bat aurkeztu ahal izango du. Logotipo berria aukeratzeko lehiaketan parte hartu nahi dutenek ondoko irizpideak izan beharko dituzte kontuan. Batetik, ezin da beste logotiporik kopiatu. Diseinua egiterakoan xehetasun gehiegitan ez sartzea gomendatzen da, diseinu sinple moldakor bat eginez. Gutxiagorekin gehiago transmititzea da helburua. Horrekin batera, hiru kolore baino gehiago ez erabiltzea eskatzen da, mezu zehatza kolore egokien bidez emanez.
Lehiaketara aurkeztu nahi dutenek, apirilaren 15etik 30era bitartean aurkeztu beharko dituzte lanak Alegiako Inaxio Begiristain Kirol eta Kultur Etxean. Aurkezten diren diseinuek atzean izengoiti bat eraman beharko dute eta paperean aurkeztu behar dira, A4 neurrian.
Bi gutunazal aurkeztu behar dira, A eta B. A gutunazalean egilearen datuak jarri behar dira. Izen-abizenak, helbidea, telefonoa, posta elektronikoa, faxa edo identifikatzeko beste edozein datu. B gutunazalean, aurkezten den logotipo diseinua A4 neurrian eta goitizena. Bi gutunazalen kanpoaldean “Iturri Zahar Guraso Elkarteko logo lehiaketa” idatzi behar da.
Sariari dagokionean, Alegiako saltolkietan erabiltzeko 100 euroko sari bakarra egongo da. Epaimahaia guraso elkarteko kideek osatuko dute eta epaimahaiak hala erabakiko balu, posible da lehiaketa irabazlerik gabe uztea.
Guraso elkartetik jendea lehiaketan parte hartzera animatu nahi da.
Jabetza intelektuala eta eskubideak: Epaimahaikideek aukeratutako logotipoaren diseinu saridunaren egileak Iturri Zahar Guraso Elkarteari utziko dio esklusiboki jabetza, lana editatzeko eta erabiltzeko eskubideak. Horrela, Elkarteak, sariaren bidez, materialaren jabetzaren eskubidea izango du eta baita saritutako logoa zein berau osatzen duten elementu guztiak (batera edo banan-banan) erabiltzeko eskubidea ere. Iturri Zahar Guraso Elkarteak euskarri ezberdinetara egokitzeko asmoz, logoa manipulatzeko aukera ere izango du.
*Lehiaketa honetan parte hartzeak oinarri hauek onartzea suposatzen du. Oinarriak betetzen ez dituzten lanak ez dira aurkeztuko. Hau, Guraso Elkarteak erabakiko du.