Berriak

Atzealdea Jasotzen ez diren txakur kakak banderatxoekin markatuko ditu Udalak

Arauak betetzen ez dituzten txakur jabeengan eragina izan nahi duen neurria jarri da indarrean

2025·01·13


Alegiako Udalak urteak daramatza jasotzen ez diren txakur kaken aferarekin kezkatuta. Hainbat txakur jabek ez dituzte txakurren hondakinak jasotzen eta horrenbestean, animalia horiek ibiltzen diren espazio publikoetan berauen kakak topatu daitezke askotan. Arauak errespetatzeko askotan egin diren deialdiek izan duten arrakasta eskasa ikusita, herritar guztiek egoeraren berri izan ahal izateko neurri bisual bat hartu du Udalak.

Txakur kakak topatzen diren eremuetan banderatxo gorri batzuk jarri dira. Horrela, herritarrek benetako egoera zein den ikusi ahal izango dute eta arauak hausten dituzten txakur jabeengan, hondakinak jasotzeko ezarrita dagoen neurria betearazten hasteko beharra sentiarazi nahi da, espazio horiek herritar guztiek erabili ahal izateko eremu publikoak direlako eta ez delako onargarria txakur kakez josita egotea. Txakur kakak bildu eta edozein errefusa edukiontzitara bota daitezkeela gogorarazten da.

Legeak ahalbidetzen dituen neurri gogorragoetan sartu beharrik ez izatea espero du Udalak, baina jokabideak aldatzen ez badira, ez zaio beste aukerarik geratuko.