Berriak

Atzealdea Jende ugari elkartu zen Alex Txikonen hitzaldian

Alpinista lemoarrak ‘Manaslu neguan’ liburua aurkeztu zuen eta orain arte egindako espedizioen inguruan aritu zen

2023·11·23


Alegiako Mendi Asanbladak antolatuta, Alex Txikon alpinistak hitzaldi bat eskaini zuen atzo arratsaldean kultur etxean. ‘Manaslu neguan’ izeneko liburua aurkezten ari da lemoarra eta lan horren inguruan aritu zen kultur etxeko areto nagusian elkartu ziren herritar ugariren aurrean.

Horrez gain, orain arte egin dituen espedizioetako bizipenak ere kontatu zituen eta datorren astean abian jarriko duen erronka berriaren inguruan ere aritu zen. Neguko igoeretan murgilduta dabil azken urteetan eta datorren astean bertan abiatuko da Annapurna mendiko tontorra zapaltzea helburu izango duen espedizio baten barruan.

Hitzaldiaren amaieran liburuak eta posterrak sinatzen aritu zen Txikon eta Alegiako Mendi Asanbladak eskerrak eman nahi dizkien hitzaldira hurbildu ziren herritarrei.