Berriak
Atzealdea Jendetza elkartu zen “Alegia, Giza Eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan 1936-1945” liburuaren aurkezpen eta omenaldian
2019·03·25
Txiki geratu zen larunbat eguerdian Alegiako kultur etxeko Areto Nagusia. “Alegia, Giza Eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan 1936-1945” liburuaren aurkezpena eta garai hartan errepresioa jasan zutenei eta beraien senideei egin zitzaien omenaldira. Ekitaldiari Txintxarri abesbatzak eman zion hasiera abesti pare batekin. Ondoren, Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkari nagusia den Juantxo Agirrek hartu zuen hitza. Alegiako Udalarekin elkarlanean egin du Aranzadik liburua eta Agirrek horrelako egitasmoak gauzatzeko dagoen beharra azpimarratu zuen, erakundeen inplikazioaren beharra nabarmenduz.
Ondoren Ione Zuloagak hartu zuen hitza. Aranzadiko ikerlariaren ardura izan da liburua idaztea eta lana osatzeko prozesua nolakoa izan den azaldu zuen, liburuaren egituraren inguruko hainbat zertzelada aipatzearekin batera. Zuloagaren ostean Unai Iraola Alegiako alkateak eskerrak eman nahi izan zizkien bai Aranzadiko kideei eta baita liburuaren osaketan testigantzak eskaini dituzten familiei ere.
Hitzaldien ostean, liburuan biltzen diren testigantzak eskaini dituzten eta ekitaldian ziren familiei omenaldi xume bat eskaini zitzaien, lore sorta bana emanez. Txintxarri abesbatzak kantatuta eta dantzariek dantzatutako agurra ere eskaini zitzaien emanaldia amaitzeko. Herritarrek, kaleratu berri den liburua etxera eramateko aukera izan zuten.
Argazkia: J.M. Gomez