Berriak

Atzealdea Jubenil mailako partida bat eta infantil mailako bi partida jokatuko dira asteburuan Elorrin

Iragan jardunaldian jokatutako zazpietatik bi partida irabazi zituzten Intxurreko taldeek

2017·11·22


Intxurreko futbolarien hiru partida jokatuko dira asteburuan Elorri futbol zelaian. Gizonezkoen lehen mailako jubenilek Idiazabalen aurka jokatuko dute larunbatean 16:00etan. Azken partida galduta, lidertzari eusten eta ahal dela tartea zabaltzen ahaleginduko dira. Infantiletan, Aralar Intxurreko gizonezkoen bi taldeak ariko dira etxean. Aralar Intxurre Bk Tolosaren aurka jokatuko du igandean 11:45ean. Azken partidan jipoia jaso zuten Billabonan eta puntuen zakua betetzen ahaleginduko dira tolosarren aurka. Maila bereko beste taldeak Idiazabalen aurka jokatuko du egun berean 10:00etan. Hauek ere azken jardunaldian galtzaile izan ziren Lazkaon eta ohorezko postuetan jarraitzeko ondo etorriko zaie partida hori irabaztea.

Kanpoan ariko direnen artean, erregionalek Danenaren zelaian jokatuko dute larunbatean 16:30ean. Azken partidan Astigarragari 3 eta 2 irabazita hirugarren jarri dira eta goiko postuetan jarraitzea izango dute helburu. Emakumezko jubenilek Añorgaren aurkako porrota ahaztu eta sailkapeneko hirugarren postua sendotzea izango dute helburu Hernanin igandean 16:00etan jokatuko duten partidan. Kadete mutilek berriz, Euskaldunaren aurka lortutako garaipenak emandako indarraz baliatu nahiko dute sailkapeneko oilarretako bat den Ostadarren zelaian punturen bat urratzeko. Partida hori larunbatean 12:45ean jokatuko da. Azkenik, infantil neskek Danenaren zelaian jokatuko dute larunbatean 9:45ean. Goierri Gorriren aurka 1 eta 2 galdu ostean garaipenaren bidera itzuli nahiko dute.