Berriak

Kafe kapsulak birziklatzeko edukiontziak jarriko dira laster Alegian

Olioa biltzeko dauden edukiontzien alboan jarriko dira eta mota guztietako kapsulak bota ahal izango dira

2023·01·19


Tolosaldeko Mankomunitateak, eskualdeko udalerriekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean, kafe kapsulak birziklatzeko edukiontziak jarriko ditu bailarako herrietan. Olioa biltzeko dauden edukiontzien alboan jarriko dira eta horrenbestean, Alegian bi izango ditugu. Bat Txintxarri plazaren ondoan eta bestea Larraitz auzoan, hiru zenbakiaren parean.

Edozein kapsula mota bota ahal izango da edukiontzi horietara: plastikozkoak, aluminiozkoak zein konpostagarriak eta bere horretan bota ahal izango dira, hustu beharrik gabe.

Kapsuletako kafe hondarretatik landareak edo perretxikoak lortzeko kafe-hondarren substratua, hazi-bolak eta konbustiorako briketak eta pelleta lortzen dira. Birrindutako kapsuletatik berriz, galautsa lortzen da paperontziak, kuboak eta listoiak fabrikatzeko.

Kapsulak birziklatzearekin ekonomia zirkularrago baten aldeko apustu sendoa egiten da eta garapen iraunkorrari ere laguntzen dio, naturako lehengaien erauzketa murriztuz, natura babestuz. Aldi berean, energia kontsumoa murrizten da eta bide batez baita berotegi efektuko gasen emisioa ere, klima aldaketa minimizatuz.

Mankomunitatearen aurreikuspenen arabera, Tolosaldean jarriko diren 60 edukiontziekin urtean 1.750.000 kapsula biltzea espero da.

Urtarrilaren 25ean informazio gunea plazan

Ekimen berri honen nondik norakoak ezagutzeko, Tolosaldeko Mankomunitateak informazio puntu bana jarriko du eskualdeko herrietan. Alegian urtarrilaren 25ean, asteazkena, egongo da puntu hori 16:00etatik 20:00etara plazan. Edukiontzia nolakoa izango den, birziklatutako materialarekin zein produktu ekoizten diren eta antzeko gauza gehiago ezagutzeko aukera izango dute herritarrek bertan.