Berriak

Kaleko katuei jaten ematen dieten eta txakurrak dituzten herritarrei arduraz jokatzeko eskatzen zaie

Kaleko katuei jaten ez zaiela eman behar, txakurren hondakinak jasotzearen beharra eta lotuta eraman behar direla gogorarazi nahi da

2020·04·17


Bizi dugun ezohiko egoera honetan, arreta puntu nagusia COVID-19 birusak eragindako osasun krisia da. Herritarroi segurtasun eta higiene neurriak muturreraino zaintzea eskatu zaigu eta horrekin lotuta, inguruaren zaintza eta higiene neurriak hartzea ere badagokigu. Kaleko katuei jana uzten diete hainbat herritarrek aspaldidanik. Bada, asmo onez egindako ekintza horrek mesede baino kalte gehiago ere egin dezake. Izan ere, katuentzat jana uzten den puntuetan arratoien presentzia somatu da eta horrek lehenaz gain, beste osasun arazo bat eragin dezake. Beraz, katuei jana ematen dieten herritarrei jana ez ematea eskatzen zaie Udaletik, modu horretan kalera ateratzea ere ekidinez.

Animaliekin jarraituz, alarma egoera indarrean jarri zenetik, txakur gorotzak ugaritu egin dira herriko hainbat puntutan. Txakurrak dituzten herritarrei gogorarazten zaie txakurren hondakinak jasotzea nagusien betebeharra dela eta bide batez, txakurrak lotuta eraman behar direla gogorarazten da. Arduraz jokatzen ez bada, Udala beste neurri batzuk hartzera behartuta egongo da.