Berriak

Atzealdea Kirola ardatz hartuta berdintasunaren alde egin zen atzo ‘Alegia BerdinEkin’ jardunaldian

Goiz osoan zehar ekintza ezberdinak egin ziren eta plazako omenaldiak borobildu zuen eguna

2023·03·13


‘Alegian BerdinEkin’ jardunaldia ospatu zen atzo. Kirola ardatz hartuta, bertan ematen diren jazarpen, sexismo, arrazakeria eta LGTBIfobiaren aurka posizionatzea zen egunaren jomuga eta horretarako jarduera ezberdinak egin ziren goiz osoan zehar herriko puntu ezberdinetan.

Eskolan kirol ezberdinak ezagutzeko eta berauetan aritzen direnek erabiltzen duten materiala ikusteko aukera izan zuten gaztetxoek. Diziplina ezberdinetan aritzen diren kirolariek beraien esperientzia kontatu zuten eta haurren galderak ere erantzun zituzten.

Futbol zelaian neskengandik sortutako eta neskentzako futbol jarduera bat egin zen. Adin ezberdinetako haur eta gazteak elkarrekin aritu ziren futbolean, ariketa ezberdinak eginez. Frontoian berriz, emakume pilotarien eskuz binakako partida bat jokatu zen.

Eguerdian eman zitzaion amaiera plazan jardunaldiari. Txintxarriak Martxaneko kideek eta hirugarren adineko emakumeen gimnasia taldekoek dantza erakustaldi bana egin zuten. Ondoren, Sutarri dantza taldeko arduradunei omenaldi bat egin zitzaien eta dantzan amaitu zen ‘Alegian BerdinEkin’, Sutarriko kideek gidatuta dantza ezberdinak egitera gonbidatu zituztelako plazan bildu ziren herritarrak.