Berriak

Atzealdea Klabelin Komik taldeak Alegiako festetan joko du 40 urteren ostean

Uztailaren 18an gauerdian hasiko da emanaldia plazan eta tartean da Iñaki Mezkita herritarra

2025·07·11


Klabelin Komik taldeak kontzertu bat eskainiko du datorren ostiralean, uztailak 18, Alegiako festen barruan 00:00etan plazan. Taldea 70eko hamarkada amaieran sortu zen Gipuzkoa, Imanol Larzabal kantariaren musikari laguntzaile talde modura. Taldekideak Karlos eta Santi Jimenez anaiak teklatuan eta bajuan, Pedro San Martin kitarran eta Mitxel Longaron bateria tolosarra ziren. Hamarkada horren amaieran taldea banatu egin zen.

Behin banatuta, Jimenez anaiek eta Mitxel Longaronek, Txabi Abrego eta Juanma Ugarte kitarjoleekin taldea biziberritzea erabaki zuten. Santi Jimenezek taldea ustean, Ugartek hartu zuen baxujole lekua eta taldeak rock estilorako bidea egin zuen.

Hainbat herritako jaietan jotzen hasi ziren rock estilo horrekin eta harrera ona izan zuten, orduan ohikoak ziren orkesten ondoan ezberdinak eta berritzaileak zirelako.

81eko udan Donostiako Jazzaldiko amateurren lehiaketara aurkeztu ziren eta bigarren postua lortu zuten. Horrek erakusten du taldea estilo anitzetarako zuen joera. 1982an Karlos Jimenezek taldea utzi zuen eta Jon Recondo bilbotarra sartu zen kitarjole eta abeslari modura (uda batean, gaixotasunagatik Iñaki Mezkitak ordezkatu zuelarik); modu horretan bi abeslari nagusi izan zituzten.

1983ko udan Iñaki Salvador sartu zen teklista modura baina denboraldi haren amaieran utzi egin zuen. Taldeak laukote modura jarraitu zuen 1985eko gabon zahar gauean banatu zen arte.

Azken hiru urteetan Klabelin Komik taldeak Alegian entseatzen du, Iñaki Mezkitaren familiaren etxean, San Juan kaleko 12 zenbakian. Herriko gazteekin harremandu dira eta hori izan daiteke 40 urteren ostean Alegiako jaietan jotzeko elkartu izanaren arrazoi Nagusia.