Berriak
2017·05·30
Intxurreko jubenilak denboraldiari erremate bikaina ematetik oso gertu dira. Larunbatean kopako finala jokatuko dute Ikasberri taldearen aurka, 16:30etik aurrera Beasaingo Igartza zelaian. Finalerdietan Danenaren aurka jokatu zuten alegiarrek eta 3 eta 1 nagusitu ziren Alegian jokaturiko partidan. Ikasberri talde azpeitiarra izango dute aurrean larunbatean eta Intxurrek deia egiten die zaleei Beasainera hurbildu daitezen taldea animatzera.
Denboraldi amaiera
Urtero bezala, denboraldi luzearen amaiera ospatu zuten iragan larunbatean Intxurre taldea osatzen duten kide guztiek. Plazan zahagiardoa egin zen lehenik eta ondoren talde bakoitzean gehien nabarmendu diren jokalariek sari bana jaso zuten. Gorengoen mailan Ander Camarerori eman zitzaion saria. Jubeniletan Jon Zubeldiak jaso zuen. Kadete mutilen taldekoa Eneko Otamendirentzat izan zen eta maila bereko neskena Nora Alustizarentzat. Azkenik, infantil mailakoa Aratz Alkainek jaso zuen.