Berriak
Atzealdea Kultur etxean jasotzen ziren tapoien ekimen solidarioari telefono bidez emango zaio jarraipena
2020·09·14
2016ko otsailetik elkartasun ekimen bat martxan da Alegian. Plastikozko tapoiak biltzen dira eta horiekin gaixotasun arraroak dituzten haurrek tratamenduak jaso ahal izateko bitartekoak lortzen laguntzen da. Hainbat kasutarako ekarpenak egin dira denbora tarte horretan eta orain 3 urte dituen Alba haurrari laguntzeko ari dira bilketa egiten.
Martxora bitartean tapoiak kultur etxean biltzen ziren baina COVID-19ak eragindako osasun krisialdia dela eta, jada ez dira bertan biltzen. Bilketa kudeatzen duen taldea hainbat herritarrekin jarri da harremanetan hemendik aurrera bilketa nola egingo den jakinarazteko baina ekimenean parte hartzeko asmoa izan dezaketen herritar gehiago egon litezkeela pentsatuta, informazioa zabaltzea erabaki dute.
Hemendik aurrera, bildutako tapoiak eman nahi dituenak 678830278 telefono zenbakira deitu behar du eta bertan emango diote non eta noiz utzi behar direnari buruzko informazioa. Urte hauetan guztietan ekarpenak egin dituzten herritarrei eskerrak eman nahi dizkiete eta ekimenean interesa izan dezaketenak animatu nahi dira parte hartzera. Aldi berean, plastikozko tapoiak soilik biltzen direla gogorarazi nahi da, hainbatetan baliagarriak ez diren beste material batzuk ere agertu direlako poltsetan.