Berriak

Atzealdea Kultur etxeko aldagela eta komunetako lanen hainbat eragozpen eragingo dituzte instalakuntzetan

Lanak datozen asteetan hasiko dira eta besteren artean, pilotalekua eta gimnasioa ez dira erabilgarri egongo bolada batean

2024·05·13


Inaxio Begiristain Kultur eta Kirol Etxeko aldagela eta komunen eraberritze lanak datozen egunetan hasiko dira. Gaur egun ematen zaien erabilerarako zaharkituta eta egoera eskasean dauden instalakuntza horien zaharberritze lanak azarorako amaituta egotea aurreikusten da baina denbora tarte horretan, lan horiek hainbat eragozpen sortuko dituzte kultur etxeko beste hainbat zerbitzutan. Esate baterako, pilotalekua eta gimnasioa ez dira erabilgarri egongo lanek irauten duten bitartean. Udalak zerbitzu horien itxieraren data zehatzaren berri emango du, dagokionean.

Lanek 530.000 euroko aurrekontua dute guztira eta horietatik 235.000 euro Gipuzkoako Foru Aldundiko diru laguntza bidez jasoko ditu Udalak. Zerbitzuaren kalitatea hobetzeko helburuz egingo dira lan horiek eta datozen hilabeteetan hainbat eragozpen eragin arren, amaitutakoan, erabiltzaileek merezi dituzten moduko azpiegiturez gozatzeko aukera izango dute. Beraz, Udaletik herritarrei ulermena eskatu nahi zaie.