Berriak

Atzealdea Langaurreko aisialdi gunea eraberritu eta txukuntzeko lanak egingo dira laster

Irisgarritasuna hobetzea, komunak eta haurrentzako parkea eraberritzea eta Sagastigainetako Borda konpontzea dira besteren artean, egingo diren esku hartzeetako batzuk

2026·02·05


Alegiako Udalaren eta Tolosaldea Garatzenen elkarlanari esker, Langaurreko aisialdi gunea eraberrituko da. Atzo egin zen publiko lanen lizitazioa eta guztira 111.000€ko aurrekontua izango dute. Udalarentzat eremu garrantzitsua izan da eta da gaur egun ere Langaurrekoa eta esku hartze garrantzitsu modura ikusten da aisialdirako gune hori txukuntzea eta eraberritzea. Funtsean, hauek izango dira egingo diren lanak:

-Irisgarritasuna hobetzea.

-Komunak eraberritzea.

-Haurrentzako jolasgunea eraberritzea.

-Eremuko altzariak, parrillak eta antzeko elementuak berritzea.

-Sagastigainetako Borda eraberritzea.

-Ingurua txukuntzea.

Udalari kezka eragiten zion Langaurreko aisialdi guneak azkenaldian zuen egoerak eta lan hauen bidez, herritarrentzat hain kuttuna izan den gune bat berreskuratuko da, denon eskura jarriz.

Lan hauek Europar Batasunak finantzatutako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren (Next Generation-EU) esparruan gauzatuko dira, zehazki Tolosaldeko Turismo Jasangarriko Planaren 2. Ardatzeko (Efizientzia Energetikoaren hobekuntza) 1.jarduketa (Tolosaldea oinez eta bizkiletan) gauzatzearen baitan.