Berriak

Atzealdea Larunbatean ‘Emakumeen elkarlana sukaldatzen’ proiektuaren aurkezpena egingo da Tolosako Andragoran

10:00etan hasiko da eta Mirari Errondosorok naturan inspiraturiko proiektu horren nondik norakoak azalduko ditu

2024·09·18


Larunbatean, irailak 21 'Emakumeen elkarlana sukaldatzen' proiektuaren aurkezpena egingo da Andragoran, Tolosan. 10:00etan hasiko da eta Mirari Errondosoro 'Kimuri'-k naturan inspiratutako proiektu hau azalduko du, jasangarritasuna eta tradizioa uztartuz, emakumeen indarra eta ezagutza partekatuz, iraganeko balioak eta bizitzaren zentzua berreskuratuz, etorkizun hobe baterako urratsak eman ahal izateko.

Tailerrak eskualdean

Aurkezpen honen ondoren, eskualdeko bost herrietan, Asteasu, Gaztelu, Anoeta, Altzo eta Berrobin hain zuzen, hondakin organikoekin (tipula eta fruta azala, arrautza oskola, kafe hondakina...) biomaterialak sortu ahal izateko tailerrak eskainiko dira. Tailer hauetako izen ematea Udaletan zein biomaterialakimuri@gmail.com edo 656742450 WhatsApp zenbakira idatzita izango da. Ondoren, tailer hauetan sortutako pieza Andragoran instalatuko da.

Bide antzekotik, eta ekofeminismoen gaiarekin jarraituz, datorren astean Elikadura eta generoaren inguruko tailerrak ere eskainiko dira Andragoran, Amaia Aierberen eskutik. Tailer teoriko-praktiko hauetan, gure elikaduran eragiten duten faktoreetan sakonduko da, emakume begirada eta beharretatik, agroekologia ikuspuntua barneratuz. Horrez gain, asteko elikadura antolaketarako oinarriak ere landuko dira. Tailer honetarako izen-ematea zabalik dago, Andragorara bertaratuz, edo andragora@andragora.eus edo 943008967 zein 747496469 telefono zenbakietan.