Berriak
Atzealdea Lehengo Alegia ezagutzeko gaztetxoentzako erronka bat egingo da martxotik maiatzera bitartean
2025·02·21
Alegiako Argazkizaleen Elkarteak, Txintxarri Gaztelekuak eta Iturri Zahar eta Aralarpean Guraso Elkarteek herriko gaztetxoentzako erronka bat antolatu dute. Martxotik maiatzera bitartean egingo da eta herriko gaztetxoek lehengo Alegia ezagutzen ote zuten argitzeko balioko du. Gaztelekuan karretedun kamerak jaso, argazki zaharrak hartu eta herrian zehar tokiak bilatu beharko dituzte, bertan argazki berriak ateraz. Momentuan bertan herria zenbat aldatu den ikusteko aukera izango dute.
Ondoren, laborategian sartuko dira karreteak errebelatzen ikasteko eta beraiek ateratako argazkiak anpliatzeko (negatibotik paperera). Azkenik, beraien argazkiak jendaurrean erakusteko aukera izango dute. Hauxe izango da egitaraua:
-Martxoa eta apirila: kamara analogikoak jaso, argazki zaharrak hartu eta herrian berriak atera.
-Maiatzak 17-24: laborategian sartu, karreteak errebelatzen ikasi eta paperera pasatzeko tailerra.
-Ondoren: emaitzak publikatu eta erakutsi.
Izena emateko 10 euro ordaindu beharko dira, Gaztelekuaren eta guraso elkarteen bidez egingo da eta ordutegiak eta taldeak Gaztelekuan zehaztuko dira.