Berriak

Atzealdea Liburutegia eta gimnasioa martxan izango dira gaurtik aurrera

Aurrez hitzordua hartu beharko dute erabiltzaileek eta segurtasun neurriak errespetatu beharko dira

2020·09·01


Abuztuan oporrengatik itxita egon ostean, Inaxio Begiristain Kirol eta Kultur Etxeko hainbat zerbitzu martxan izango dira gaurtik, irailak 1, aurrera. Liburutegia eta gimnasioa izango dira erabiltzaileen eskura jarriko diren zerbitzuak. Bi kasuetan uztailera bitartean indarrean egon den funtzionamenduarekin jarraituko da. Aurrez hitzordua hartu beharko da eta segurtasun neurriak errespetatu beharko dira. Kultur etxera sartzeko derrigorrezkoa da maskarila erabiltzea eta sarreran eskuak desinfektatzea.

LIBURUTEGIA

-Liburuak maileguan hartzeko edo liburutegian egoteko hitzordua hartu behar da.

-943 65 04 92 telefonora deitu behar da 17:00etatik 19:00etara edo liburutegia@alegia.eus helbidera idatzi hitzordua hartzeko.

-Liburutegia erabiltzeko ordu tarte hauek egongo dira: 16:30-17:30 // 17:30-18:30 // 18:30-19:30. Liburutegi txikian zein handian gehienez 10 pertsona egongo dira ordu bakoitzean.

-Liburuak maileguan hartzeko liburutegiko arduradunarekin hitzordua adostuko da. Liburutegian liburuak begiratu eta hautatzeko aukera izango da.

-12 urtetik beherako haurrek heldu batekin etorri beharko dute.

GIMNASIOA

-Aurrez hitzordua hartu behar da. 10:00etatik 13:00era 943 65 46 98 telefono zenbakira deituta edo kultura@alegia.eus helbidera idatzita. Erabili nahi den astearen aurreko ostegunera bitartean eskatu ahal izango da hitzordua eta ostiralean konfirmatuko da.

-16:00etatik 20:00etara erabili ahal izango da gimnasioa, gehienez ordubetez. Sarrera nagusitik sartu eta kultur etxeko arduradunari jakinarazi behar zaio iritsi garela.

-Saio bakoitzeko azken hamar minutuetan erabilitako materiala desinfektatuko du erabiltzaile bakoitzak, eskura izango dituen produktuekin.

-Bakoitzak bere ur botila eta bi eskuoihal eraman beharko ditu. Bat izerdia kentzeko eta bestea makinetan erabiltzeko, beharrezkoa balitz.

-Kaleko oinetakoekin sartzea debekatuta dago.

-Aldagelak itxita egongo dira.

Egoeraren bilakaerak zehaztuko du funtzionamendua

Udalak oraingoz funtzionamendu horri eutsiko dio baina jakitun da egun gutxiren buruan egoera aldatu egin daitekeela. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak herrietako instalazio publikoak eskolen esku jartzeko aukera jarri du mahai gainean eta horrek aurrera egingo balu, kultur etxeko funtzionamenduak eta ikasturte berriari begirako aurreikuspenak aldaketak jasango lituzkete. Beraz, ikasturtea eskoletan nola hasten denaren arabera zehaztuko dira ikasturte berrirako eskaintzak eta aurreikuspenak. Udalak herritarrei egoeraren bilakaeraren berri emango die.