Berriak
Atzealdea Liztor beltzaren tranpatze kanpainaren baitan 20 tranpa ezarri dira Alegian
2026·04·08

Alegiako Udalak urte hasieran sinatu zuen Tolomendi Landa Garapen agentziarekin eta Belarmendi elkartearekin liztor beltzaren aurkako tranpatze kanpainari buruzko hitzarmena. Herriko ingurumen-osasuna bermatzea eta biodibertsitatea zaintzea ditu helburu eta ekimena espezie inbaditzaile horren hedapena geldiarazteko prebentzio-ekintzen barruan sartzen da, liztor beltzaren presentzia arriskutsua baita ekosistemarentzat.
Tranpa kopurua ezartzeko, aurreko urteko datuak hartzen dira kontuan eta detektaturiko kabi bakoitzeko bi tranpa ezartzen dira. 2025ean liztor beltzaren 10 kabi erregistratu ziren Alegian eta horrenbestean, aurten 20 tranpa ezarri dira herriko hainbat puntutan.
Tranpak ezartzeko lanak egiteaz Balerdipeko Erleakeko kideak arduratu dira eta hitzarmenean jasotzen den moduan, Udalak 2843,50 euroko inbertsioa egin du.
Alegiako hainbat puntutan jarritako tranpa horiek ez manipulatzeko edo kentzeko eskatzen die Udalak herritarrei. Era berean, kabiak detektatzen laguntzeko eta udal zerbitzuei edozein ikuskapenen berri emateko deia ere egiten du. Norbaitek kabiren bat ikusiko balu, Udalera deitzeko eskatzen da.