Berriak

Atzealdea Ludoteka eta Uda Kanpaina eskaintzak prest ditu Udalak udari begira

Izena emateko epea maiatzaren 22tik 26ra izango da eta interesatuek kultur etxera joan beharko dute

2017·05·19


Alegiako Udaleko Kultura sailak prest du haur eta gaztetxoentzako udako jardueren eskaintza. Nagusiki uztailean garatuko diren ekintza horiek bi multzo nagusitan daude banatuta. Alde batetik ludoteka zerbitzua eskaintzen da eta bestetik Uda Kanpaina 2017 izenburupean kirol ezberdinak egiteko aukera izango da eta  

Ludoteka uztailaren 3tik 28ra bitartean eskainiko da bi txandatan. Lehenengoa uztailaren 3tik 13ra izango da eta bigarrena 17tik 28ra. 2005 eta 2013 urte bitartean jaiotako haurrei zuzendutako zerbitzua izango da eta goizeko 10:00etatik 13:00era eskainiko da. Txanda baterako izena emateak 40 euroko prezioa du eta bi txandetakoak 70 eurokoa.

Uda Kanpaina 2017 ekimenak zirko tailerra, multikirola eta piraguismoa hartzen ditu. Zirko tailerra 2011n edo lehenago jaiotakoei zuzenduta dago. Ekainaren 26tik 30era izango da goizez, osatzen den taldearen arabera eta 15 euroko prezioa izango du. Multikirola jarduera uztailaren 3tik 13ra bitartean eskainiko da eta bertan arrauna, battlefield, slackline, irteerak eta antzeko jarduerak egingo dira. Uztailaren 3tik 13ra eskainiko da eta 2008an edo lehenago jaiotakoek hartu ahal izango dute parte.  Ordutegia 10:00etatik 13:00era izango da baina jardueraren arabera ordutegi horrek aldaketak izan ditzake. Jarduera honek 45 euroko prezioa izango du eta hainbat jarduera egiteko trena erabiliko denez, treneko txartelen prezioa ez da 45 euro horietan sartzen. Piraguismoa azkenik, uztailaren 17tik 21era eskainiko da. Goizetan garatuko da baina ordutegia sortzen den taldearen arabera antolatuko da. 25 euroko prezioa izango du eta hau ere 2008an edo lehenago jaiotakoentzat izango da.

Izena emateko epeei dagokienean, hemen aipatu diren jarduera guztietarako izena ematea maiatzaren 22tik, astelehena, maiatzaren 26ra, ostirala, bitartean egongo da zabalik kultur etxean. Plaza mugatuak daude eta izena emateko ordenaren arabera banatuko dira. Inork jardueraren baten inguruko informazio gehiago nahiko balu, kultur etxera jo dezake edo 943 65 46 98 telefonora deitu.