Berriak
Atzealdea

Maddi Ane Txoperenaren ‘Ene baitan bizi da’ liburua landuko du irakurle taldeak martxoaren 11n

18:00etan kultur etxean izango den saioan parte hartu ahal izateko baldintza bakarra liburua irakurrita izatea da

2021·03·03


Alegiako irakurle taldeak 2021eko lehen saioa egingo du martxoaren 11n. Maddi Ane Txoperenaren ‘Ene baitan bizi da’ liburua izango dute aztergai 18:00etan kultur etxean hasiko den saioan. Idazle lapurtar gazte honen lanak Elkar argitaletxeak eta izen bereko fundazioak banatzen duten Gazteluma saria irabazi du 2020an.

Eleberrian, Mariek bere amonaren bizipenak bildu behar ditu ikasketekin lotura duen lan baterako. Mariek ez daki zehazki zeren bila dabilen eta amonak ere ez dio berak nahi duena ematen. Askotariko istorioak biltzen ditu liburuak bere baitan.

Aurreko saioetan bezala, Amaia Goikoetxeak egingo ditu dinamizatzaile lanak eta saioan parte hartu nahi dutenek, liburua irakurrita joan beharko dute.