Berriak

Atzealdea Margolaria filmaren proiekzioa eta Mikel Urdangarin eta Oier Aranzabalekin solasaldi musikatua izango dira ostiralean Elizpe zinean

22:00etan hasiko da emanaldia eta sarrerak kultur etxean daude salgai bost eurotan

2019·10·22


Urriaren 25ean, ostirala, udazkeneko kultur egitarauko ekitaldi berri bat egingo da. Oier Aranzabal zarauztarrak zuzendutako Margolaria filmaren proiekzioa izango da 22:00etatik aurrera eta ondoren, zuzendariarekin eta filmeko protagonista den Mikel Urdangarinekin solasaldi musikatua izango da.

Mikel Urdangarin musikariak eta Alain Urrutia margolariak goiz batean Skype bidez elkarrekin izandako elkarrizketa batean abiarazitako bidaia-kontakizuna da Margolaria filma. Margolariak bere obretako bat eskainiko dio Mikeli, opari, baina baldintza batekin: musikariak itsasoan zehar, ferryan, joan beharko du Londresera opariaren bila. Bidaia aitzakia harturik, bere lanaren emaitzaz bizitzearen alde apustu egiten duen artista baten egunerokoan barrenduko gara, artista ororen laborategiaren erdigunean ezkutatzen den giltzarrira iritsi arte, bilaketa guztiak baitira egiaz bidaiak; eta sorkuntza-prozesua ere berez baita bidaia.

Pelikula hau 2018ko Donostiako Zinemaldian estreinatu zen eta harrezkero, bide oparoa egin du zinema jaialdi eta areto ezberdinetan. Alegiakoa izango da hurrengoa eta Kultura batzordeak herritarrak emanaldi horretara gonbidatu nahi ditu. Ekitaldi horretarako sarrerak kultur etxean daude salgai bost euroko prezioan.