Berriak
2020·07·15
COVID-19ak mundua hankaz gora jarri izan ez balu, aste honetan ospatuko ziren Alegiako jaiak. Herriari egun hauetan kolore apur bat emateko helburuarekin, Festa batzordeak balkoi dotoreena aukeratzeko lehiaketa egin du. Aurreko urteetan ere egin izan da baina aurtengoak ezberdintasun bat izan du. Beste urteetan loreak hartzen ziren ardatz modura eta aurten “Alegiako festak 2020” izan da balkoiak dekoratzeko gaia. Izena emateko beharrik gabe, epaimahaia osatu duten Festa batzordeko kideak uztailaren 13an pasa ziren herriko kaleetatik balkoiak ikuskatzera eta guztien artean, Marta Iraolarena eta Ibon Azpilikuetarena izendatu zituzten dotoreenak bezala. Kolore ezberdinekin jantzi dute balkoia bi kasuetan eta horrek balio izan die bina lagunentzako afari bana irabazteko. Argazkian, irabazleak (Martaren lekuan Irati alabak jaso zuen saria) Eider Zubillaga zinegotziarekin.