Berriak
Atzealdea Martxoaren 13an eskainiko den bullyingaren inguruko hitzaldian parte hartzeko izena emateko epea otsailaren 26an zabalduko da
2024·02·23

Martxoaren 13an, asteazkena, ‘Bullying erasoak minimizatzeko ingurune seguruak nola sortu’ hitzaldia eskainiko da 18:30ean kultur etxean. Haurren eta nerabeeen gurasoei bideratuta dagoen saio hau Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria sailak bultzatzen duen Treba Gurasoak programaren barruan kokatzen da eta Ortzadar elkarteko Itsaso Zuberogoitia Gonzalezek gidatuko du.
Hitzaldiaren helburua familiei seme-alabentzako ingurune seguru eta babesleak sortzen laguntzea da eta egon daitezkeen arrisku egoerak detektatzen eta identifikatzen ikastea, hala nola jazarpen edo bullying-egoerak. Aldi berean, haur eta nerabeen hazkuntzan familiak duen babesle-funtzioaren garrantzia sustatzea ere badu jomuga eta baita jazarpen-egoerak antzeman eta identifikatzeko ezagutzak eta oinarrizko informazioa ematea ere. Hitzaldiak parte hartzeko metodologia bultzatuko du. Hitzaldia izan arren eta trebatzaileak azalpen teoriko praktikoa emango duen arren, bertaratuak parte hartzera gonbidatuko dira bi norabideko komunikazioa sustatuz.
Hitzaldian parte hartu nahi dutenek otsailaren 26tik martxoaren 6ra bitartean eman ahal izango dute izena kultur etxean edo lotura honetan. Udalak hitzaldian parte hartzera animatu nahi ditu haurren gurasoak.