Berriak
Menpekotasun egoeran dauden pertsonen mobilizazio eta transferentziei buruzko ikastaroa eskainiko du Sendian programak
2017·05·05
Alegiako Udaleko Gizarte Zerbitzuek, Sendian programaren baitan, menpekotasun egoeran dauden pertsonen mobilizazio eta transferentziei buruzko ikastaroa antolatu dute maiatzerako. Guztira sei saio izango dira eta saio bakoitzak bi orduko iraupena izango du. Lehen saioan menpekotasun egoeran dagoen pertsonaren mugikortasunaren inguruan ariko dira. Bigarrenean, zaintzaileentzako oinarrizko arauak azalduko dira menpekotasuna duten pertsonen mobilizaziorako. Hirugarren eta laugarren saioetan mobilizazio teknika garrantzitsuenak ikasiko dira. Altxatzea eta zutitzea, menpekotasuna duten pertsonen patologien aurrean egin beharreko planifikazioa, transferentziak… Bosgarren saioan ingurune irisgarriez eta laguntza teknikoez ariko dira eta azkenik, seigarren eguneko gaia hauxe izango da: genero identitate eta erantzukidetasun familiarra eraikiz arreta eta zaintza lanetan.
Esan bezala, ikastaroa sei egunetan zehar garatuko da, egunean bi orduko saioekin. Maiatzaren 11, 18, 23, 25 eta 30 eta ekainak 1 izango dira egun horiek eta saioak kultur etxean izango dira 14:30etik 16:30era. Izena emateko epea zabalik da eta horretarako 943 65 47 68 telefono zenbakira deitu beharko da edo Udaleko gizarte zerbitzuen bulegora joan beharko da.