Berriak

Atzealdea Mikel Ayllonen ‘Zoriontsuak izatea aukeratu genuen’ liburua landuko du irakurle taldeak urriaren 14an

Kutxa Literatur Saria irabazi duen lanaren inguruan ariko dira Amaia Goikoetxeak dinamizaturiko saioan

2021·10·13


Alegiako Irakurle Taldeak 2021-2022 ikasturteko lehen saioa egingo du datorren urriaren 14an, osteguna. Mikel Ayllonen ‘Zoriontsuak izatea aukeratu genuen’ lanaren inguruan ariko dira 18:00etatik aurrera liburutegian, Amaia Goikoetxeak gidatuko duen saioan. Egun horretan, liburutegia 18:00etatik aurrera itxita egongo da.

Anjak lana, familia eta sorterria utziko ditu, ezagutu duen maitearen atzetik joatearren; Marcok haurtzaroko mendietako mamuak ahaztu nahiko ditu itsas lainoen artean; Rosalía beretik eman eta eman ariko da, ordainetan deus gutxi eskatu gabe; Amaiak ez du bere institutuko lagunen moduan amaitu nahi; Izaskunek badaki beste pertsonei nola lagundu, bere buruarekin asmatzea falta…
Zoriontsu izan nahi dute istorio hauetako protagonistek, baina badakite zoriona ez dela iragarkietako zelofanetan bildutako opari hori; are, susmatzen dute, ahaleginduagatik ere, ez zaiela trukean etorriko betiereko paradisurik. Baina ezin bertan goxo geratu, ezin etsi…
Donostia Hiriko Kutxa Literatura Saria irabazi du Mikel Ayllonek ipuin-bilduma eder honi esker, non hitzek edertasuna bilatzen duten, non edertasuna istorio baten zerbitzura dagoen, eta non istorio horrek gogoeta eginaraziko digun bizitzaren zentzuaz, eta baita geure bizimoduaz ere.