Berriak

Atzealdea Mintzalagun egitasmoarekin bat egin nahi duten herritarrek internet bidez eman dezakete izena

Astero ordubetez euskaraz ariko den talde batekin elkartzeko aukera eskaintzen duen programa da

2020·10·28


Euskaltzaleen Topaguneak sustatuta, Mintzalaguna programan parte hartu nahi duten herritarrek zabalik dute izena emateko epea. Mintzalaguna egitasmoan euskaraz aritzeko guneak aurkituko ditu izena ematen duenak. Asteroko bilkurez gain, irteerak eta antzeko ekintza osagarrietan parte hartzeko aukera izango da. Mintzalagun izateko bi baldintza bete behar dira: batetik, euskaraz mintzatzeko gutxieneko maila izatea (B1 edo baliokidea) eta astean behin ordu betez taldekideekin elkartzeko konpromisoa hartzea.

Mintzalagun taldea euskara praktikatu nahi duen jendeak osatuko du eta guztiak boluntarioak izango dira; hau da, ez dago irakaslerik. Helburua taldekide guztiek hitz eginez parte hartzea da eta taldekideek beste guztiei bidea eman behar diete parte hartu ahal izateko. Taldeak irekiak dira eta posible da taldeetara kide berriak gehitzea, beti ere kudeatzailearen bidez.

Ekimen honetan izena eman nahi dutenek egitasmoaren webgunearen bidez egin dezakete, lotura honetan.