Berriak
Atzealdea Omenaldi xume bezain hunkigarria egin zitzaion Inaxio Begiristaini bere jaiotzaren mendeurrenean
2022·09·15
Atzo, irailak 14, Inaxio Begiristainen jaiotzaren mendeurrena ospatu zen. Alegian arrastoa utzi zuen pertsona izan zen Begiristain eta hori argi geratu zen atzo arratsaldean zine atarian egin zitzaion omenaldian izan zen parte hartze zabala ikusita. 18:00etan Inaxioren inguruko erakusketa zabaldu zen zinean bertan. Berari buruzko informazioa, berak egindako antzezlanak, txistuak… Denetik ikusi daiteke. Gaur, osteguna, 18:00etatik 20:00etara ere zabalik izango da eta larunbatean eta igandean ere ikusi ahal izango da, 12:00etatik 13:00era.
19:00etan eman zitzaion hasiera omenaldiari. Ordurako adin guztietako herritarrez beteta zegoen zine atarian txistulariak izan ziren parte hartzen lehenak. Begiristainek Alegian txistuaren inguruko afizioa zabaltzen egindako lana azpimarratu zuten eta ‘Ikusi mendizaleak’ eta ‘Elizondo’ piezak jo zituzten. Segidan lau bertsolari gazte hurbildu ziren mikrora, tartean Inaxioren birloba bat, eta berari eskainitako bertso sorta bat abestu zuten.
Bertsolarien atzetik Arantxa Irazusta alkateak hartu zuen hitza Udalaren izenean eta Felix Irazustabarrenak Intxurre elkartearen izenean. Irazustak Inaxiok Alegian zabaldu zuen bidea azpimarratu zuen eta Irazustabarrenak Begiristaini esker Alegian sortu zen antzerki taldea izan zuen hizpide. Hain zuzen ere, herritar talde bat elkartu da eta May Gorostiagaren gidaritzapean Begiristainen ‘Bata zu eta bestea ni’ obra prestatzen ari direnaren berria ere eman zuten antzerki taldeko kideek beraiek, ekitaldian.
Udalak eta Intxurre elkarteak lore sorta eta oroigarri bat eman zioten familiari eta Mila Begiristain, Inaxioren alaba, oso eskertuta agertu zen bere aitaren jaiotzaren mendeurrenaren bueltan antolatu diren ekitaldiekin. Dantzarien agurrarekin amaitu zen ekitaldia.