Berriak

Atzealdea Oporrak Bakean 2020 programa bertan behera geratu da

Espainiako Saharako Ordezkaritzak hartu du erabakia eta aurtengo udan ez da haur sahararrik etorriko gurera

2020·04·07


Saharako errefuxiatuen kanpalekuetatik uda pasatzera gurera etorri ohi dira hainbat eta hainbat ume Oporrak Bakean programari esker. Bada, mundu mailan bizi dugun osasun krisia dela eta, Espainiako Saharako Ordezkaritzak bertan behera utzi behar izan du aurtengorako aurreikusitako programa eta horrenbestean, aurtengo udan ez da haur sahararrik etorriko gurera.

Erabaki mingarria izan dela aitortu dute aipatu ordezkaritzatik baina ezinbestean hartu beharrekoa izan dela. Eskualde mailan egitasmoa kudeatzen duen Tolosaldeko Oporrak Bakean taldetik kezkatuta daudela adierazi dute. Izan ere, kanpaleku horietan oso baldintza gogorretan bizi dira eta udan are gordinagoak dira baldintza horiek.

Elkartasun mugimenduak konpromiso politiko, moral eta humanitarioa eskatzen duela jakitun dela adierazi du Frente Polisarioak eta haurrek udari begira dituzten behar anitzak asetzeko programa alternatibo bat bilatzen ari dela jakinarazi du, haur horiek errefuxiatuen kanpalekuetan bizi duten muturreko egoera arindu behar dela aldarrikatzearekin batera.