Berriak
Osakidetzak kultur etxean egingo ditu hemendik aurrera PCR probak irisgarritasun aldetik egokiagoa delako
2020·09·22
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Alegian egiten diren PCR probak lekualdatzea eskatu du. Orain arte osasun zentroaren atarian egiten ziren probak kultur etxeko areto nagusian egingo dira hemendik aurrera, irisgarritasunarekin lotura duten arrazoiengatik.
Azkenaldian, egiten diren PCR proben kopuruak gorakada bat izan du eta kontuan izan behar da, Alegiako osasun zentroan egiten direla inguruko herrietako pertsonen probak ere. Horrek ibilgailu pilaketak eragin ditu osasun zentroaren aurretik igarotzen den errepidean, hainbat arazo eta arrisku egoera sortuz. Horrekin batera, PCR probak egitera doazen pertsonak bestelako arrazoiengatik osasun zentrora doazen herritarrekin nahasten dira eta hori ere ekidin liteke lekualdatzearekin. Negura begira ere, probak egin behar dituzten langileek zein probak pasatzeko zain dauden pertsonek ere estalpea izango dute kultur etxean.
Horrenbestean, kultur etxeak irisgarritasunaren aldetik eskaintzen dituen onurez baliatuko da Osakidetza. Kotxeen joan-etorrirako arazo gutxiago egongo da, oinezkoentzat zein gurpildun aulkian mugitzen direnentzat irisgarritasuna bermatuta egongo da eta sartzeko eta ateratzeko ate ezberdinak erabiliko dira, segurtasuna bermatuz.