Berriak
Atzealdea Osasun-arreta ere euskaraz eskatzeko deia egin die UEMAk herritarrei
2023·03·08

Otsailaren amaieran kanpaina abiarazi zuen Osakidetzak, osasun-arreta zein hizkuntzatan jaso nahi duten adieraztera animatuz herritarrak. Horren arabera, herritarrek hautatzen duten hizkuntzan izango dute harremana osasungintzako profesionalekin, eta hautatzen duten hizkuntzan jasoko dituzte gutunak, oharrak eta antzeko jakinarazpenak ere. Orain arte, Osakidetzako erabiltzaileen %77 inguruk adierazi du zein hizkuntzan jaso nahi duen osasun-arreta, eta horietatik %19k adierazi du euskaraz jaso nahi duela.
UEMAko kide diren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalerrien kasuan, euskarazko arreta eskatu duten herritarren kopurua hiru aldiz handiagoa da: %60,3, zehazki. Dena dela, bost herritarretik batek ez du Osakidetzarekin aritzeko hizkuntza hautatu oraindik, eta batez ere horiei dei egin nahi die UEMAk, kanpainarekin bat egin dezaten eta osasun-arreta ere euskaraz eska dezaten.
Eusko Jaurlaritzaren hitzetan, Osakidetzak abiarazitako kanpainarekin “asistentzia maila desberdinetan behar diren osasun zerbitzuen euskarazko eskaintza integrala artikulatu ahal izatea” da helburua, batez ere Lehen Mailako Arretan, Arreta Espezializatuan eta Osasun Mentalean.
Euskara lehentasunezko hizkuntza gisa aukeratzen duten herritarren kasuan, asistentzia-aplikazioetako paziente-erregistroan zein bestelako identifikazio-elementuetan, e letra duen ikur urdina agertuko da, Osakidetzarekiko harremanean euskara erabiltzea hautatu dela adieraziz.