Berriak
Atzealdea Ostiralean ‘Arnasa betean’ dokumentala eskainiko da zinean Azaroaren 25aren inguruko ekintzen baitan
2023·11·22

Azaroaren 24an, ostirala, ‘Arnasa betean’ dokumentala ikusi ahal izango da 19:30ean zinean. Azaroaren 25ean Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna ospatzen da eta Udalak eta Eztanda talde feministak egun horren bueltan antolaturiko egitarauaren barruan sartzen da ekitaldi hau. Rosa Zufia eta Bertha Gaztelumendi zuzendarien parte hartzea ere izango da.
Donostiako Zinemaldiaren 71. edizioan estreinatu zen mundu mailan, Euskal Zinemaren Galaren barruan; Euskadiko Filmategiak antolatutako Euskal Zinemagileak zikloaren hirugarren edizioa inauguratu zuen; TIFF Tokyo International Film Festival jaialdian parte hartu zuen; Madrilgo Emakumeen aldeko VI. Zinemaldian aurkeztu zen; Iruñeko XVIII. Mundua eta Giza Eskubideak Zinema Erakusketan ere aurkeztu zen; ZINEBI - Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 65. edizioan aurkeztu zen, Bertoko Begiradak sailean.
2022ko iraila eta abendua bitartean filmatu zen Euskal Herriko hainbat herritan (Donibane Lohizune, Pasai Donibane, Elantxobe, Hondarribia, Jaizkibel, Iruñea, besteak beste), Madrilen eta Menorcan. Arnasa betean. A pulmón filmak atzoko eta gaurko euskal emakume-zinemagileek egindako zinean murgiltzea proposatzen du: Maria Elorza (A los libros y a las mujeres canto), Maider Oleaga (Muga deitzen da pausoa), Arantxa Echevarria (Carmen y Lola, Chinas), Mireia Gabilondo (Kutsidazu bidea, Ixabel, Amaren eskuak, Erlauntza), Lara Izagirre (Nora, Un otoño sin Berlín), Alauda Ruiz de Azúa (Cinco lobitos), Ana Díez (Todo está oscuro, Ander eta Yul), Esti Urresola (20.000 especies de abejas), Leire Apellaniz (El último verano), Iratxe Fresneda (Tetuán), Helena Taberna (Nagore, La buena nueva, Yoyes), Isabel Herguera (Amore D'Inverno, El sueño de la sultana), Bego Vicario (Pregunta por mí), Izibene Oñederra (Lursaguak), Ana Murugarren (La higuera de los bastardos), Marina Lameiro (Young & Beautiful, Dardara), Arantza Santesteban (‘918 GAU’), Maddi Barber (592 metroz goiti), Maite Ruiz de Austri (El regreso del viento del norte, ¡Qué vecinos tan animales!).
Bere filmen gaiaren, begiradaren, ametsen, aurrera atera beharreko ahaleginen eta, batez ere, zinemari egindako ekarpenaren aitzinean gaude. Bidaia honetan hiru urpekari ditugu gidari: Erea Lopez, Lara Larrañaga eta Ainhoa Incognito. Filmak Pilar Rodriguez Deustuko Unibertsitateko ikertzailearen analisia ere jasotzen du, eta Ur Joko Elkarteko (Donibane Lohizune) Elorri Arin, Morgane Baud, Ainhoa Etxenik eta Ihintza Urtxegi arraunlariak ditu tartean.